Olentzero eta Mari Domingi Errekalden izan dira

Urte arraro samarra izan arren, Olentzero eta Mari Domingi nolanahi ere Errekaldeko gazteei bisitan joaten saiatu dira. Aurten zoritxarrez, abenduak 24 baino lehenago jaitsi behar izan dira haien etxetik Errekaldera, arazo batekin topo egin dute eta.

Olentzero goizean esnatu eta zerbaitek haren abesteko gaitasuna eragotzi diolaz jabetu da. Mari Domingirengana arazoa kontatzera joatean biok arazo bera dutelaz konturatu dira eta Mari Domingik erabaki bezala, Errekalderantz laguntza eske abiatu dira. Errekalden hainbat pertsonei galdetu diete ea haiek aurkitutako oztopoa gainditzeko biderik bazekiten,  eta hainbat saiakera egin ondoren, Fernandok gakoa eman die. Honen esanetan, Olentzero eta Mari Domingik haien abesteko gaitasuna berreskuratzeko Errekaldeko gazteak gabon kantak abesten entzun behar zituzten.

Hori dela eta, Errekaldeko neska-mutilek hainbat gabon kanta eskaini dizkiete barre eta algaren artean. Hauek abestu ahala, Olentzero eta Mari Domingi ahotsa berreskuratzen hasi dira eta, bukatzean, haien abesteko gaitasuna bueltan izan dute. Horrez gain, primeran pasatu dute gazteen antzepena ikusten, eta honi esker haien zereginera itzuli ahal izan dira Olentzero eta Mari Domingi. Lan bikaina egin dute neska-mutil hauek!

Olentzero eta Mari Domingi laguntzeaz gain, Errekaldeko gazteek, bideoan ageri den bezala, hainbat posta-txartel idatzi eta apaindu dituzte Errekaldeko Gazteluondo zaharren egoitzako bizilagunei bidaltzeko. Urtero lez, gaurko egunean hantxe egon behar ziren gabon kantak abesten zein bisitatxo bat eskaintzen. Hala ere, haiengan elkartasuna sentiarazteko posta-txartelak mezu berezi batekin bidali dizkiete. Eta, nola ez, egoitzan ez dira Errekaldeko gazteen gabon kanten antzezpenarik gabe geratu, pantaila baten bidez ikusi arren.

Laburbilduz, Errekalden urteetan zehar hain garrantzitsua izan ohi den eguna beste modu batean ospatzeko ahalegina egin dute, betiko ilusio eta gogoekin. Eguberri on!

Partekatu!